Lekeitioko Batzokiaren Inkautazioa eta Berreskuratzea.

Поділитися
Вставка
  • Опубліковано 12 жов 2024
  • INKAUTAZIOA
    1936ko uztailaren 18an gerra piztu zenean Lekeition uda-giroa zen nagusi. Gerraren ondorioetariko bat batzokiaren inkautazioa izan zen. Honela Estatuaren Jabegora pasatu zen Gora Buru S. A. elkartearena zen eraikina, harik eta Erantzukizun Politikoetarako Tribunalak enkantean saltzeko agindua eman bitartean.
    1937tik 1949ra bitartean, hau da lapurtu zutenetik saldu zutenera arte, batzokia eta Gora Buru zinema FET eta de las JONSaren ordezkaritza lokalaren esku egon zen.
    Zinea 1935ean Gora Buru Elkarteak Marcelino Monasterio Anduizari eman zion errentan mugagabeko eperako.
    Lekeitioko abertzaleen ondasunen errematera Lekeitioko Udala bakarrik aurkeztu zen eta Propiedades y Contribución Territorial zeritzonaren Zuzendaritza Orokorrak haren aldezko akordioa hartu zuen 1949ko urriaren 29an, enkantera aurkeztu zen errematazaile bakarra zelako. Udalak ordaindu zuen prezioa 98.500 pezetakoa izan zen. 1921ean 125.000 pezeta kostatu zen etxe eta lur saila, hara zertan gelditu zen.
    Diktaduran abertzaleen etxean, nahi zuena egin zuen Udalak. Gorengo solairuan udal langileentzat etxebizitza, lorategiaren zati bat Beitia Hotelari alokatu zion eta batzokirako erabiltzen zen solairuan, jatetxe bat, Cosmopolita, jarri zuen II. Mundu Gerraren ondoren Lekeition agertu zen "hungaro" hark. "Hungaro" hori Lekeitiora turista frantsesak ekartzen ahalegindu zen lehenengotarikoa izan zen; gogoan dituzte oraindino lekeitiarrek exiliatu honen gora beherak. Batzokiak jatetxe izaten jarraitu zuen hungariarrak utzitakoan ere, oraingoan Victoria Park izenarekin. Beheko solairuan, Franco hil eta gero, udazken baten, oporrak gaitik itxi eta gehiago ez zabaldu arte zineak jarraitu zuen.
    BERRESKURATZEA
    Faxistak Lekeition sartu eta 40 urtean zehar batzokia arrotzen esku egon zen. 1977an Uri Buru Batzarreko lehendakariak lehen solairua alogerean eskatu zuen eta geroago jardina.
    Urtean 75.000 pezetako errentarekin alokatuta egon izan da batzokia EAJak Udalarengandik jabetza eskuratu arte. Bitartean 1977ko apirilaren 28an, frankisten lapurretaren 40 urte justu betetzen ziren egunean, jeltzaleek eraikina okupatu zuten balkoian ikurriña eta batzokia zela adierazten zuen kartel bat jarriz, kalean hainbat abertzalek goraka oihukatu eta txaloak jotzen zituztela.
    Berehala hasi ziren konponketa-lanak eta jeltzaleek urteetan itxaron behar izan zuten eguna 1978ko apirilaren 30ean ospatu zuten.
    Ospakizuna Uri Buru Batzarra eta Bizkai Buru Batzarreko Antolakuntza Batzordearen artean prestatu ziren eta astebetean zehar igaro ondoren, igandean burutu, frontoian egin zen mitin batekin. Bertan parte hartu zutelarik Joseba Jaiok, Juanjo Pujanak (BBBko kidea), Marcos Bizkaia diputatuak, Xabier Arzalluzek eta Sabin Zubirik (BBBko kide hau ere). Esan behar da, inaugurazioan batzokiko balkoitik Juan Ajuriagerrak, Damaso Leturiak (UBBko lehendakaria) eta Castor Uriartek (batzokia eraiki zuen arkitektoa) berba egin zutela. Jelkideak barruan baziran ere, batzokia ez zegoen, legez behintzat, berezko jabeen eskuetan, ugazaba Udala baitzen.
    Bidegabekeria hau zuzentzeko asmoz, lekeitiar jeltzale bik, Eusebio Erkiaga eta Rufo Atxurrak, Udalean aurkeztu zuten 1987an idatzi bat zeinaren bidez, inkautazioaren historia eginez, eskatzen zioten legezko jaubeari, kontuan hartzeko batzokiaren jabetzaren gain zuen erantzukizun politikoa. Argi zuten lekeitiar bi hauek Udal demokratikoak konponbidea eman behar ziola inkautazioarekin hasitako eta erosketarekin jarraitutako okasioari. Bide horretatik jarraitzeko eskatzen zuten, txosten historiko bat egitea mahai gainean argibide guztiak jartzeko. 1993ko otsailaren 25ean Udal Artxibo Zerbitzuak aurkeztu zuen bere txostena puntuz puntu bat zetorrena Eusebio Erkiaga eta Rufo Atxurrak esandakoarekin.
    Datu guztiok hartuta, orduko alkateak, Juan Carlos San Miguelek, Herri Batasunako kidea, hiru baldintza jarri zituen negoziatzen hasteko, batetik, EA eta EAJren arteko batzokiari buruzko liskarra konpontzea, bigarren, alderdi guztiak jakitun jartzea batzokiak eraiki izan zituen gorabehera guztietan eta azkenik, denen artean konformidade osoko konponbide batera heltzea inor kaltetu barik.
    Alderdien arteko negoziazioak urte bete baino gehiago luzatu ondoren 1994ko azaroan Udal Batzak aho batez onartu zuen EAJren esku jartzea, batzokiak historikoki izan zituen ia ondasun guztiak. Honela eman zen amaitutzat 1937an hasi zen amesgaizto hura.
    LAKA, Agurtzane; GOIOGANA, Iñaki. Nacionalismo vasco en LEKEITIOn Euskal abertzaletasuna. Fundación Sabino Arana Kultur Elkargoa; 1998.
    www.slideshare....

КОМЕНТАРІ • 1